Bigarren hausnarketa honetan, jada, ez naiz sentitzen hasi berri bat. Lehenengo hausnarketa idazterakoan, oinarrizko nozioez jabetzen ari nintzela aipatu nuen. Oraingo honetan gaian sakontzen jardun dudala esan dezaket.
Lan desberdinak egin ditut. Rosalia Romeroren liburua (Nuevas Tecnologías en Educación Infantil) irakurtzen hasi nintzen. Liburu hau oso baliagarria egin zait, izan ere oso praktikoa da. Teoria azaltzen du eta, hau, praktikara eramateko adibide eta proposamen ugari jartzen ditu. Hasiera batean, ez nuen ikusten ordenagailuak gelan bete zezakeen papera, ezin nuen irudikatu. Liburua irakurri ondoren hasi nintzen ordenagailuak gelan eman zezakeen jokoa ulertzen.
Ondoren, ikt-ak errealitatean eta bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Horretarako, Olatz, Aroa eta hiruok Jakintza ikastolara joan ginen. Bertako errealitatea ezagutu genuen eta, egia esan, oso gustura egon ginen egin ziguten harrerarekin. Prestutasun osoa agertu zuen irakasleak gure galderei erantzuteko eta ahal zen neurrian laguntzeko.
Liburuan ikusitako teoria eta geure eskoletan bizi den errealitatea konparatzeko aukera izan nuen esperientzia honekin.
Ipuin digital bat ere egin genuen, hau Olatz eta Aroarekin. Ipuin digitala erreminta interesgarria iruditu zait eta burutu genuen jarduera honekin, ipuin digital bat egiteko aukera desberdinekin esperimentatzen ibili ginen.
Ikus entzunezko lan bat ere egin genuen gure bisita nola joan zen pixka bat azalduz. Movie Maker programak ematen dituen aukerak ikasteko aukera izan genuen. Aurretik ezagutzen nuen zertxobait, baina, oraingo honetan, gehiago sakontzeko aukera izan dut.
Amaitzeko, power point baten bidez egindako lana gure ikaskideei erakutsi genien. Denen artean konpartitzea esperientzia oso aberasgarria izan da, gure bizipenez gain, besteenekin ere asko ikasi dut.
Lan hauek egiten oso ondo sentitu naiz. Asko ikasi dut ikt-en erabilpenari buruz, ideiak hartu ditut eta baliabide berriak erabiltzen trebatu naiz.
Nik uste dut dezente bete ditudala nituen helburuak. Oraindik asko hobetu daiteke, hori dudarik gabe, baina modu sinpleenean eginda ere, gauza berri asko egin ditut.
Buruhausteak ere izan ditut lan hauek egiten. Batez ere, ordenagailuarekin izan ditut arazoak. Bideoen formatoekin nahiko lan izan dut. Baina azkenean, insistentziaz bada ere, lortu dut nahi bezala igotzea blogera!
Nahiz eta lan pixkat kosta, horrela ikasten dela iruditzen zait, saiakerak eginez. Hurrengo batean ere, horrela arituko naiz beste esperimentu berriren batekin.
Hobetzeko erabili egin behar dira praktikan jarritako tresna eta baliabide guztiak. Esperientzia da hobetzeko modu eraginkorrena.
Dudarik gabe, niretzat eta nire lanarentzat baliagarriak dira egindako lanak. Ipuin digitala, esaterako, lan egiten dudan haurreskolan erabili dezaket. Ikus entzunezko lanak ere, bai nire bizitza sozialean eta baita lanean ere egin ditzaket. Orokorrean, gauza praktikoak egin ditugu eta probetxua aterako diedala iruditzen zait.
No hay comentarios:
Publicar un comentario